XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eta, bestetik, Borges eta Cortazar-en asmaziozko literatura (Literatura Fantástica) delakoa.

Gizarte-erako errealismoaren beharrezko etapa iragan ondoren, belaunaldi berri honek, haren muga hertsiak hautsirik, irudimenaren askazioa lortu ahal izan du, anpotuaren anpotuz globo edo puztuki bat lehertzen den bezala.

Hego-Ameriketako novelaren garaipen nagusia, bere balio jatorrena (besteengandik gehiena berezten duena alegia), irudimenezko mundu berri baten ateak irekitzea izan da.

Ez dira batbatean hontara heldu.

Guatemalako elezahar eta ipui orekan mamitutako, surrealismo kutsuzko, Asturias-en amets-irudizko museo lirikotik hasi eta Hego-Ameriketako naturalezak birjin eta ahaltsuak Carpentier-engan sor erazitako irudi-zorabioaren bitartez, Marquez-ek topatu duen irudimenaren erreinu askaturaino, bide handia dago.

Lehenengo biak somatu besterik ez zutena, honek, lehenbiziko aldiz, atzeman ahal izan du, bere lege, geografia eta denbora-ritmu berezi eta guzti.

Marquez-en irudimen estiloa, ez da Europako literaturan maiz gertatu ohi den antzera, sostengurik gabeko irudipen hutsa, ez-eta geroaren iragarpen soila edo idazlearen konzientziapeko eremu hertsi eta lehorraren adierazpen neketsua, ganbarako gelaren bakardadean ernaldua.

Irudimen existenzialista honi (nolabait esateko) gure literaturaren aurrerabiderako oztopo deritzat.

Baina, ez da beti hala izan: Kafka-renak ere, beharbada, era hontakoa izan arren, edozein idazle errealistak baino zorrotzago eman zigun gure inguru zanpakorraren irudia.

Zer gertatu da horretaz?.